<<   subjects  >>

20.- Idaho: Aurreak erakusten du dantzatzen atzea

20.1 IDAHO, EUSKAL GEROARI SO
Euskal jatorriko biztanleek proiekzio handiena lortu duten estatua da Idaho. Euskaldunen presentzia nabarmena da bertako bizitza sozialean, Boisen gehienbat. Estatuko idazkaria bera, Pete Cenarrusa, Idahoko euskalduna da, eta Boise hiriburua eta Gernika ahaidetuta daude 1990az geroztik. Idaho 1890ean bihurtu zen estatu eta lehenengo euskaldunak hortxe, XIX. mendearen amaieran iritsi ziren. Gogor lan egin ostean, aitzindarietako batzuk, tartean John Achabal, Benito Arregui, John Echebarria eta Juan Yribar, finkatuta zeuden 1912rako, eta jabetzadun ziren Boisen.

 

20.2 ABADE EUSKALDUNAK
1916ko bertako egunkari batean kontatzen da inoren kontura lanean hasitako hamahiru euskaldunek beren ardi negozio propioak jarri zituztela. 1910ean euskal komunitateak abade euskalduna behar zuela adierazi zion Boiseko apezpikuari eta harek eskaria egin zion Gasteizko apezpikuari. Horrela iritsi zen Boisera 1911ean Bernardo Arregui apez tolosarra; bera izan zen Estatu Batuetara euskaldunen artzain izateko Euskal Herritik propio iritsitako lehenengo abadea. Gerora, XX. mendean zehar, beste batzuk iritsi ziren Boisera, hala nola, Aldasoro, Rekalde eta Garatea abadeak (Kalifornian, berriz, Baionako elizbarrutiak omonier bat du 1961az geroztik; aita Jean-Leon Luro izan zen lehen apeza; haren ostean Jean Chalet, Guillaume Copentipy, Jakes Sallaberremborde, Jean-Pierre Cachenaud, Jean-Pierre Etcheverry, Jean Elizagaray eta egungoa, aita Martxel Tillous egon dira).

 

20.3 IDAHOKO OSTATUAK
1912an, 283 euskal artzainek korrespondentzia jasotzen zuten Mateo Arreguiren "Modern Rooming House" ostatuan eta bertan uzten zituzten beren puska eta ondasunak mendian artzain luzaroan zeuden bitartean. Bestelako ostatuetan ere antzekoa egiten zen. Gaur atzera begiratuz, Boisek XX. mendean zehar hogeita hamarretik gora ostatu izan zituela esan dezakegu eta Idaho osoan hirurogeita hamar baino gehiago egon zirela. Boiseko ostatuetako hainbat erdigunean kokatu ziren, gaur egun Basque Block eta Basque Center dauden inguruan; oraindik ere eraikin batzuk bertan daude eta interes historikoduntzat jo dira, horien artean Anduiza hotela (estalitako frontoiduna), Cyrus Jacobs-Uberuaga (egun Boiseko Euskal Museoko zati dena) eta Valencia, Ysursa familiarena izandakoa.
 

   <<  subjects  >>