 |
 |
 |
 |
 |
<< subjects
>> |
 |
 |
19.-
Wyoming eta Montana
19.1
WYOMING ETA ETCHEPARE
John Etchepareren "Warren Livestock Co.", Wyoming-eko
Cheyenne-n, estatuko ardi ustiategirik handiena izan da urte askotan.
Idaho bezala 1890ean Estatu Batuetako estatu bilakatutako Wyoming-en,
bi euskal bilgune egon dira XX. mende osoan zehar: Buffalo, iparraldean
eta Rock Springs, hego-mendebaldean.
|
 |
 |
|
19.2
BUFFALO, WYOMING
Buffalo, Johnson konderriko hiriburua izanagatik, hiru mila eta
bostehun biztanle baino ez ditu. Euskaldunen hastapenak ezagutzeko
1902raino jo behar dugu, orduan iritsi baitzen Buffalora Jean Esponda
baigorriarra, zaildua ordurako ardi negozioan, horretan jardun baitzuen
Kalifornian 1888tik. Douglass eta Bilbao ikerleen datuen arabera,
Esponda biziki ekintzaile eta saiatua zen eta 1919rako Wyomingo
ardi ustiategirik handienetakoa osatu zuen; 25.000 buru ere izan
zituen inoiz .
|
 |
|
19.3
IDLEWILD ETA KBBS
Buffalok euskal ostatu gutxi batzuk izan zituen. Horietako bat,
eraikina Buffaloko kale nagusian oraindik atxikitzen duena, Idlewild
Hotela da, 1950eko hamarkadan Simon "Barbon" eta Madeline
Harrietek gobernatua. Buffaloko kale nagusian dago baita ere beste
euskal establezimendu baten ("21 Club") egoitza izandako
eraikina. Buffaloko "Big Horn Basque Club" 1983an abiarazi
zen eta egun hirurogeita hamabi familia batzen ditu. Buffaloko KBBS
irratiak asteroko albistegi edo informazio programa bat izan zuen
euskaraz 44 urtez (1956-2000).
|
 |
19.4
ROCK SPRINGS-EKO ALKARTASUNA
Wyomingeko hego-mendebaldeko muturrean, "Alkartasuna South Western
Basque Club"a sortu zuten 1990ean Rock Springs-eko euskaldunek.
Klubak garatu dituen jardueren artean aipagarriak dira dantza eskolak,
korala, euskara eskolak eta bertso saioak. Izan ere, bertako klubean
bazkide eta buruzagi aktiboa da Martin Goikoetxea bertsolari gorritiarra.
XX. mendearen lehenengo hamarkadetan Rock Springsek hiru euskal hotel
izan zituen gutxienez. |
 |
|
19.5
MONTANA
Arro Handiko beste herrietan bezalaxe, Montanako euskal presentzia
historikoa artzaintzari lotu zen. Miles City-n egon zen euskal ostatu
bat. Euskaldunek arrantxo garrantzitsuak izan dituzte Montanan,
handiena seguruenik John Etchart-ena, Glasgown. Klub instituzionalizaturik
ez izan arren, Montanako euskaldunak urtero batzen dira 1990eko
hamarkada hasieratik.
|
 |
|
|
 |
 |
 |
|
|