<<   subjects  >>

18.- Utah, Arizona, New Mexiko eta Colorado

18.1 MENDEBALDEKO LEHENENGO KLUBA
XIX. mendearen amaierarako euskaldun multzo batzuk hasiak ziren biltzen Utah-ra. Ogden, Salt Lake Cityren iparraldean 1890ean sortutako hiria, trenbide gune garrantzitsua zen, ekialdetik zetorren trenbidea bi adarretan banatzen baitzen bertan. Testuinguru hartan euskal ostatu batzuk eta euskal komunitate txiki bat sortu ahal izan ziren. Aski, 1914an, Ogdenen bizi ziren zortzi euskaldun bildu eta klub baten estatutuak legeztatzeko. Honela ofizialdu zen lehenengo "Basque Club of Utah", Ipar Amerikako mendebaldeko klub aitzindaria.

18.2 EGUNGO BASQUE CLUB OF UTAH
Price-n ere, artzaintzari loturiko euskaldun batzuek ostatua izan zuten. Gehiago meatzei loturik, berriz, Highland Boy eta Park City-n ere zabaldu ziren ostatuak. Salt Lake Cityn zenbait apopilo-etxe eta euskal ostatu zeuden XX. mende hasieran. Horien artean proiekzio handiena Hogar Hotelak lortu zuen, 1927an John eta Claudia Landak sortua eta urte askotan Utah-ko hiriburuko euskal komunitatearen elkargune izan zena. Gaur egun Salt Lake Cityn dauka egoitza Basque Club of Utah berriak. Klubeko dantzariak, Utah-ko Triskalariak, zenbait aldiz irteten dira urtero emanaldietara, Utah bertara eta auzoko estatuetara, Nevada, Idaho eta Wyomingera gehienbat.

 

18.3 ARIZONA, NEW MEXIKO, COLORADO
Arizona, New Mexiko eta Coloradon ere nabarmena eta kasu batzuetan XIX. mendean hasitakoa da euskal presentzia modernoa; bertara iritsitako euskaldun gehienak artzain hasi ziren. Arizonan gune ostatudun bi egon ziren, bata Flagstaff-en eta bestea Willows-en. Azken urteotan, Arizonan kluba sortzeko ahaleginak egin dira. Aurreagotik ere egin izan dira euskal elgarretaratzeak. Mendearen hondarraldean, ordea, 1999n hain zuzen, "First Meeting of Arizona Basques" delakoa antolatu zen Glendale-n eta, mende berriarekin, 2001eko abenduan "Basques of Arizona" izena hartu duen klubari hasiera ofiziala eman zaio. New Mexikon, berriz, ez da sekula klubik egon eta, ostaturik, berriz, bakarra egon zen Grants-en.Eskualde honetako historia aipatzean, ezin da esan gabe utzi Juan de Oñate esploratzaileak, Espainiako koroaren zerbitzuan, Estatu Batuetako bigarren hiria sortu zuela 1598an: San Gabriel. Euskal izenduna, New Mexikon Durango hiria aurkituko dugu, izena Mexikoko Durangotik hartu zuena, azken hau, berriz, Bizkaiko Francisco Ibarra esploradore durangarrak XVI. mendean fundatua.

 

18.4 GRAND JUNCTION-EKO JEAN URRUTY
Coloradoko Grand Junction-en hiru euskal ostatu zeuden gutxienez 1920 eta 1930eko hamarkadetan: Star, Retolaza eta Eisaguirre. EEBBtara 1928an iritsi zen Jean Urruty baxenabartarrak, abeltzaintzako enpresa bat zuzentzeaz gain, hotela ere ireki zuen. Urruty pertsonaia famatu eta ezaguna bihurtu zen Ipar Amerikako mendebaldeko euskal bizimoduan. Dirutza handia egin zuen eta dirulaguntzak eman zituen euskal jai eta jarduerak egiteko. Bera medio sortu zen Grand Junctionen, bolada batez abian izan zen euskal kluba. Urrutyk kantxa bat ere eraiki zuen eta urrunetik ekarri zituen dantza taldeak Grand Junctioneko euskal festetan ari zitezen.
 

   <<  subjects  >>