 |
 |
 |
 |
 |
<< subjects
>> |
 |
 |
17.-
Elko, Ely eta Battle Mountain
17.1
TRADIZIO EUSKALDUNAK ELKON
Nevadako ipar-ekialdeko populazio gune handiena da Elko. Bertako
euskal klubak hirurehun bazkide ditu eta herriko lansail eta jarduera
gehienetan ordezkaturik dago, alkatetza eta udalbatzatik kasino
eta moteletaraino. Elkon ere nabarmena egiten da euskal eragina,
eta ez soilik uztailaren hasieran National Basque Festival famatua
ospatzen denean. Elkoko biztanleen eguneroko bizimoduan oso ohikoak
dira euskal izen eta ohiturak. Alkatearen familia bera euskaraz
bizi eta mintzatzen da eta euskal tradizioei eusten die. Elkoko
erdiguneko parkean dago Nevadako euskal pilota kantxa aktibo bakarra,
bertako euskaldunek 1975ean eraikia.
|
 |
 |
|
17.2
ELKOKO EUSKAL ARRASTOA
Nevadako beste kasu batzuetan bezala, Elkoko euskal hotelak -egun
jatetxeak- bisitatuenen artean daude. Zaharrena Star Hotela da;
1910ean sortu zuten Pete eta Mathilda Jaureguik, eta Leonis eta
Lazcano familiek gobernatzen dute egun, ohiko "Basque family
style" eskainiz. Elkon beste hiru euskal jatetxe daude: Biltoki,
Nevada Dinner House eta Toki Ona. Idaho kaleko Anacabetarren Elko
General Merchandise denda historikoak, bestalde, euskal postalak
eta oroigarriak eskaintzen dizkie bezeroei. Northeastern Nevada
Museum-ek, bestalde, atal bat du euskaldunei eta euskaldunek inguru
horretan izan duten eraginari eskainia. Elkoko hezkuntza sistemak
euskara eskolak eskaintzen dizkie ikasleei Intranet bidez, Anita
Anacabe Franzoia elkotarra irakasle.
|
 |
|
17.3
BASQUE NATIONAL FESTIVAL
Elkoko Euskal Etxeak kabalkada ikusgarria antolatzen du urtero herriko
kaleetan zehar, bertako indar biziak partaide. Main City Park-en,
Urrizaga euskal artista elkotarraren muralak Gernikako Arbolaren
aurrean belaunikatutako pertsona batekin ematen die ongietorria
piknikera hurbiltzen diren guztiei. Elkoko euskal jaiek, ohiko ekitaldiez
gain, 2000az geroztik, arrakasta handia bereganatu duen entzierroa
eta sokamuturra ere biltzen dute. Euskal Etxearen eraikinean, Arinak
taldearen barruan diharduten hiru taldeen errepikak egiten dira.
1960an sortu zen Arinak. Elkoko helduenen Beti Egarri, berriz, 1998an.
|
 |
|
17.4
ELY-KO ZAZPIAK BAT
Nevadako estatuaren erdian, meatzari herria izan da Ely. Minak apaldu
eta itxi, eta herriko ekonomia jausi ondoren, Elyko populazioa behera
etortzen hasi zen. 1960 eta 1970ko hamarkadetan estatu osoko euskal
jaialdi jendetsuenetakoa antolatzen zuen bertako Zazpiak Bat klubak
ere prozesu bera segitu zuen. Urte batzuetan elgarretaratze handitik
eratu gabe egon ostean, 1996an kluba berrindartu, eta berriro antolatu
zen urte batez Elyko Festibala. Gutxi dira gaur egun bertako euskaldunak.
Hala ere urtean behin bederen biltzen dira, Eguberrietan, haurrentzako
ekitaldi batean. Herriak zenbait euskal ostatu, kantina eta negozio
ezagutu izan ditu, tartean Ely Hotela, Plaza Hotela eta Club Rio;
eraikinok zutik diraute oraindik ere downtownen, hiriaren erdigunean.
|
 |
|
17.5
BATTLE MOUNTAIN
Beste hainbat herri eta populazio gune daude Nevadan euskal ondare
eta tradiziodunak. Horietatik batek, Battle Mountainek, lehenengo
aldiz kluba eratu zuen 1997an, eta NABOko kide da 2000z geroztik.
Hirurogei familia batu dira klubaren inguruan, Battle Mountain-eko
euskal legatua indartu eta egun gaztetxoa den belaunaldi berriari
ahalik eta hobekien pasatzeko. Gurasoetako asko -bigarren eta hirugarren
generaziokoak- seme-alabekin batera ari dira ikasten euren kultur
ondareaz. Sortu berria duten Oberenak dantza taldeak 37 dantzari
dauzka, lau eta hamasei urte bitartekoak.
|
 |
|
|
 |
 |
 |
|
|