<<   subjects  >>

16.- Gardnerville, Las Vegas eta Winnemucca

16.1 GARDNERVILLEKO OSTATUAK
Gardnerville, Sierra Nevadako magalean 1880 inguruan sortutako herriska, Renotik berrogei minutura dago autoz, eta egun ere euskal presentzia nabaria gorde du bere karriketan. Herriko kale nagusian bailarako hotel zaharrena dago, Overland, 1906an eraikitako etxea, aspaldiko ostatu euskalduna, eta egun Elvira Cenoz mutrikuarrak gobernatzen duena. Kale Nagusiko beste euskal ostatua, "J & T" , 1952an sortu zuten Jaunsaras eta Trounday euskaldunek. Herriko euskal jatetxe gazteena, Country Club, Carlos Iribarren eta Jesus Rey nafarrek sortu zuten, "Basque Family Style" motako sukaldaritza eskaintzeko. XX. mendean zehar Gardnervillek izan ditu beste ostatu euskaldun batzuk, hala nola, French Hotel, East Fork eta Pyrenees.

 

16.2 EUSKAL KANTARI EGUNA
Gardnervilleko kluba, Mendiko Euskaldun Club, 1981ean sortu zen eta 260 familiek osatzen dute. Urtero, seiehun bat lagun biltzen ditu klubaren piknikeko bazkariak. Euskal Kantari Eguna da Mendiko-k eratzen duen ekitaldi ezagunena, mendebalde osoko bertsolari eta zaletuen bilgune. Batzuek bi mila kilometro ere egiten dituzte euskal kantuen jai amerikar horretan parte hartzeko bakarrik.

16.3 LAS VEGASEKO LAGUN ONAK
Nevada hegoaldean dagoen Las Vegasen 1982an sortu zen "Lagun Onak" izena hartu zuen bertako kluba. Bazkideak ez dira asko, eta gaztetxoenei begira egiten dute lan, NABOko kide izanik eta haurrentzako ekintzak antolatuz, tartean gaztetxoen "Ibar Izarrak" dantza taldea. Urriaren erdialdean egiten dute urtero euren "Basque Festival", mendebaldeko piknik edo jai egitarauko azkena. Kalifornia hegoaldeko, eta Nevada eta Arizonako mugetako euskaldunak biltzen dira bertara.

16.4 WINNEMUCCA EUSKALDUNA
Gida batzuek honela deskribatu dituzte Winnemuccaren hastapenak: "...barruti handi bat zen, non euskal artzainak eta trenbidea bukatu ostean iritsitako txinatarrak bizi baitziren; euskaldunak Winnemucca inguruan kokatu ziren, arrantxoetan lan egin eta ardiak zaintzeko. Beste leku batzuetan gertatu bezalaxe, txinatarrak aienatu egin ziren pixkanaka-pixkanaka eta ez da euren arrasto handirik geratu Winnemuccan; nolanahi ere, euskaldunen eragina nabarmena da egun ere hiriko bizimodu kulturalean eta jatetxeetan ". 1900. urterako, Winnemucca buru duen Humboldt konderrian bakarrik, ehundaka euskaldun bil zitekeen .

16.5 WINNEMUCCAKO OSTATUAK
Winnemuccako euskal hotelen artean aipatzekoa da Winnemucca Hotel, 1863koa izanik estatuan zabalik dagoen (euskaldun eta ez-euskaldun) hotelik zaharrena. Mike Olano busturiarra nagusi, hotelak orain hirurogei urte bezala funtzionatzen jarraitzen du. Martin Hotel izenekoa, berriz, 1913an sortu eta 1920an berriztatukoa, egun jatetxea baino ez da. Jatetxe berriagoa da Ormachea's, ateak 1978an zabaldua. 2001eko udaberrira arte, San Fermin jatetxeak ere zenbait urtez eskaini die bezeroei Basque style cuisine deiturikoa. Herriko Euskaldunak Danak Bat kluba 1943an sortu zen eta 150 kide ditu. Klubak Irrintzi Dancers taldea babesten du. Piknika ekainero egiten du.
 

 

   <<  subjects  >>