 |
 |
 |
 |
 |
<< subjects
>> |
 |
 |
15.-
Renoren ekarpenak
15.1
RENOKO EUSKAL MINTEGI ETA LIBURUTEGIA
Nevada aipatzerakoan, euskaldun askori datorkio burura bertako Unibertsitateko
Euskal Mintegia edo Center for Basque Studies (CBS). Nevada-Renoko
Unibertsitateak euskal gaiei buruzko liburutegi espezialdua dauka
eta Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak euskal gaien ingelesezko
liburu-bilduma garrantzitsua argitaratzen du. EEBB barru eta kanpoko
ikertzaileentzat erreferentzi gunea da Reno, euskal ikasketen alorrari
dagokionez. "Basque Studies Program" izenpean 1967an sortutako
CBSk hamar mila harpidedunen artean banatzen den aldizkari edo newsletter
bat ere ematen du argitara. Unibertsitateari loturik, 1989an bertako
ikasle talde batek "Zenbat Gara" kultur taldea eta izen
bereko dantzari multzoa sortu zuen.
|
 |
 |
|
15.2
ORAINAREN AITZINDARI
Reno inguruan jaiotako euskaldunek, bertan finkatutako europar euskaldunak
batzordekide, molde berri bat zabalduz aro modernoko lehenengo Euskal
Jaialdia antolatu zuten Reno-Sparks-en 1959an, geroztik ehundaka
jaialdik segitu duten eredua ezarriz. Ospakizunak iraun zituen bi
egunetan bospasei mila euskaldun eta beste horrenbeste ez euskaldun
bertaratu ziren. Batzorde antolatzailean jatorri nafar, baxenabartar,
bizkaitar eta zuberotarrekoak zeuden .
|
 |
|
15.3
RENO ETA NABO
"Western Basque Festival" deitu zen harek mendebaldeko
euskal indarrak higitu eta hainbaten erro galduekiko jakinmina eta
harrotasuna biztu zuen. Hurrengo urteetan euskal klub berriak sortu,
eta euskalduntasun antolatua, aurretik ez bezala indartu zen. Abiatu
ziren klubek artean, "Zazpiak Bat Basque Club" izena hartu
zuen Reno bertakoa. Euskal amerikarren geroa segurtatzeko beste
urrats garrantzitsua ere Renon eman zen urte batzuk geroago, bertan
sortu baitzen 1973an North American Basque Organizations edo Ipar
Amerikako Euskal Erakundeen Federazioa. NABOren sorrera funtsezko
mugimendua izan da geroztik Estatu Batuetako euskal kulturaren alde
eman diren ahaleginen antolaketa, koordinazio eta garapenerako.
|
 |
|
15.4
RENOKO OSTATUAK
Ostatuei dagokienez, badirudi Renoko lehenengo ostatuak XIX. mendearen
amaieran zabaldu zirela hirian. 1904rako, George Etchartek Comercial
Hotela zeraman eta XX mendean zehar beste batzuk sortu ziren, hala
nola, Español, Indart, Yriberri's, Toscano, Santa Fe, Martin,
eta Louis' Basque Corner . Horietatik Santa Fek eta Louis' Basque
Corner-ek segitzen dute gaur egun, lehena Martin Orriaga eta Josephine
Indak 1929an sortua eta, 1949an suteak hondatu ondoren, berriz eraikia,
egun Zubillaga familia aldudarraren (Esnazu) eskuetan; Louis' Basque
Corner, berriz, 1967an inauguratu zuen Louis Erreguible mauletarrak
eta oraindik ere Erreguibleren familiaren eskuetan da.
|
 |
|
15.5
ARTZAINAREN MONUMENTUA
Reno hirigunetik milia batera, Basque Memorial edo Euskal Artzainaren
Monumentuak hiriaren eta inguruko muinoen gaindiko ikuspegi ederra
eskaintzen du. Eskultura-oroitarria Nestor Basterretxeak egin eta
1989an inauguratu zen, Euskal Herriko eta EEBBetako goren mailako
agintarien presentziaz, tartean Nafarroa, EAE eta Akitaniako sailburu
eta kontseilariak eta EEBBetako bi gobernadore. Urte hartan bertan
eta 1990an, Renoko eta Donostiako alkateek bi hirien arteko ahaidetzea
sinatu zuten.
|
 |
|
|
 |
 |
 |
|
|