<<   subjects  >>

13.- Euskaldunen San Francisco

13.1 SAN FRANCISCO EUSKALDUNA
San Francisco eta bere badiaren lehenengo historian, bertara lehorretik iritsi zen aurreneko pioneroarekin egiten dugu topo, hernaniar jatorriko Juan Bautista de Anzarekin; espediziogile ospetsuak hautatu zuen 1776an San Franciscoko presidioa eta Dolores Misioa eraiki behar ziren tokiak. Kalifornia estatubatuarrean, hiriak hasieratik bildu zuen euskaldunik bere baitan. Aitzindariak 1850 inguruan sartu ziren eta urte gutxiren buruan hotelak ezartzeko haina euskaldun bildu zen, horien artean Juan Miguel Aguirreren hotela, 1866an. 1880ko hamarkadarako zenbait hotel ireki ziren, hala nola Juan Francisco Yparraguirre etxalartarraren Hotel Vasco, Europa, Des Alpes, New Pyrenees edo Savart's ostatuak. 1906ko lurrikara handiaren ondoren, euskal leku berriak sortu ziren Broadwayn, tartean hotelak, jatetxeak eta pilota kantxak.

 

13.2 ARRILLAGA MUSICAL COLLEGE
Golden Gateren Hiriak bere historiako parte izan du euskal osagaia, eta bere kale eta muinoetan bizi izan ditu euskararen oihartzunak, baita euskal musika eta doinuak ere. XIX. mende hondar eta XX. mende hasierako San Franciscoko musika panoramaren eragileetako bat Santiago Arrillaga musikagile tolosarra izan zen, 1870 hamarkadatik San Franciscon finkatua eta hiriko Arrillaga Musika Eskola eta Orkestra fundatu zituena. Hainbat meza, Ave Maria eta motete idatzi zituen, baita musika profanoa ere, tartean Nere Mendi Maiteak izeneko pieza. Bere seme Vincent musikagile, organujole eta aipatu Arrillaga Musical Collegeko zuzendari ere izan zen, baita Chicagoko Roult ikastetxekoa ere.

 

13.3 EUSKALDUNEN AUZOA
XX. mendean zehar, emigrazioak eta eskualde handi bateko euskal biztanleen hiri erreferentzia izateak euskal giro polita ekarri zioten hiriari. Lurrikara handiaren ostean, "euskal auzo" berri bat sortu zen Broadway eta North Beach aldean, hainbat ostatu eta jatetxeduna. 1970 inguruan emigrazioa desagertzearekin, eta auzoa Chinatowneko parte bilakatzearekin, hotelek ere behera egin dute. XX. mendeko hondar hamarkadan, euskal barruti historikoa zenak geratzen zitzaizkion azken lau ostatuak galdu ditu: Obrero, Basque, Pyrenees eta Des Alpes. Ostatuen orde edo ordaina, euskal klub eta jatetxe berriek bildu dute.

 

13.4 SAN FRANCISCOKO KLUBAK
1982an zabaldu zituen ateak South San Franciscon "Basque Cultural Center"en eraikinak. Geroztik zabaldu eta atal berriak erantsi zaizkio eraikinari zein aparkalekuari, nazioko handiena bilakatu arte. Egun hiru klub daude hirian, zaharrenetik gazteenera, "Basque Club", "Basque Cultural Center" eta "Anaitasuna". Euren ekimen eta emaitzetako askok BCCen egoitza baliatzen dute, hala nola "Zazpiak Bat Dancers" dantza taldeak, "Elgarrekin" koralak, bertso eta pilota jaialdiek, klikak, txistulari eta musikariek, eta euskara eskolek. "Basque Educational Organization" bezalako beste kultur erakunde batzuk ere BCCn biltzen dira. Bestalde, Golden Gate-tik iparraldera dauden Marin eta Sonoma konderrietako euskaldunek "Marin-Sonoma Basque Association" deiturikoa sortu zuten orain urte gutxi, hiri handira erraz mugitu ezin direnei bertako aukera bat emateko.
 

   <<  subjects  >>