<<   subjects  >>

10.- Mendebaldea: Kaliforniako lehen urratsak

10.1 KALIFORNIAKO URRE SUKARRA
1848an Estatu Batuen eskuetara igaro eta urrea aurkitu zuteneko berria zabaldu zenean, mundu osoko emigranteen harrera leku bihurtu zen Kalifornia. Bertatik mendebalde osora hedatu ziren aberastasun bila iritsitako etorkin-saldo berriak. Lehenengo Kalifornia hartan, emigrante andanak untziz heltzen ziren Europatik edo Hego Ameriketatik. Beste hainbatentzat bezala XIX. mendearen bigarren erdialdean, euskaldunentzat ere Los Angeles eta San Francisco izan ziren erreferentziazko hiriguneak. Los Angelesek euskal komunitate polita bildu zuen eta 1880-1930 tarteko urteetan bizi izan zuen goren aldia. Los Angelesko Alameda eta Aliso kale inguru haiek "Amerikako mendebaldeko (euskal) komunitate handiena eta zaharrena izatera iritsi ziren eta Estatu Batuetako beste edozein estatu edo herrik baino lehen, bigarren eta hirugarren belaunaldi gehiago hartu zituen" .

 

10.2 KOMUNITATE EUSKARADUNA
Gora zihoan euskal komunitate eta giroak eragingo zuen Ameriketako lehenengo euskarazko kazetaren sorrera. Martin Biscailuz abokatuak sortu zuen "Escualdun Gazeta" 1887an. Aurreneko ahalegin horrek ez zuen arrakasta izan eta 1893ra arte itxaron beharko dugu, Jean-Pierre Goytinok "California'ko Eskual Herria" astekaria sortu arte. Honek bai, arrakasta izan zuen eta informazio elkargune garrantzitsua izan zen euskal amerikarrentzat, euskaraz. "Escualdun Gazeta"k eta, batez ere, Goytinoren astekariak euskal amerikar komunitateei buruzko informazio baliotsua eskaini digute, jakina baita euskaldunek ez dutela izan eurei buruzko testigantza idatzirik uzteko ohitura handirik.
 

11.- Hego Kaliforniako klubak

11.1 LOS ANGELES ALDEKO KLUBAK
Dagoeneko begi bistakoa da euskaldunek tradizio errotua izan dutela Kalifornian. Estatuaren historia modernoaren biztanleen artean egon dira beti. Bertako gaur egungo euskaldunek, baita mendebaldeko beste estatu askotakoek ere, kopuruz askoz handiagoak diren beste hainbat taldek baino agiri zaharragoak dauzkate lur hauetan. Gaur egun euskaldunek presente segitzen dute Los Angeles Handian. Euskal ostatuek historia aberatsa izan dute hemen. Klubei dagokienez, La Puenteko euskaldunek "La Puente Handball Club" sortu zuten 1940an eta "Southern California Basque Club" 1946an.

 

11.2 CHINOKO KLUBA
Gaur egun, 1968an sortutako Chinoko kluba da Los Angeles Handiko euskal gune aktiboena. Klubarekin batera, Chinok euskal jatetxe bat eta hiru frontoi dauzka eta hainbat negozio garrantzitsu belaunaldi zahar eta berrietako euskaldunen eskuetan. Klubaren jardueren artean daude "Gauden Bat" dantza taldea, "Euskal Giroa" emakumeen korala, Chinoko klika, pilota eta mus txapelketak eta bestelako jai eta kultur ospakizunak. 2001eko udan bertako euskaldunek euren gain hartu zuten NABOko Udaleku-ren antolatzea, berrogeita hamarretik gora haur partaide, eta euskal historia, hizkuntza eta ondare zahar eta berria ikasgai.

11.3 BAKERSFIELD-EN, "BASQUE"
Los Angelesen ipar-ekialdean, Bakersfield eta Kern konderriak ere euskal jatorriko biztanle kopuru garrantzitsua biltzen du. Jakinekoa da zentsu amerikarrak hiritarren jatorri etnikoa jasotzen duela. 1980ra arte erroldak ez zituen euskaldunak ("Basque") berezko kategoria gisa aipatzen, frantses eta espainoletatik aparte, baina hala ere, mende bat lehenago, 1880ko zentsuan, Kern konderriko gazte batek, Alphonso Carrerek, harro adierazi zuen bera "Basque" zela . Ordurako lehenengo familia euskaldunak kokaturik zeuden bertan, eta beste euskaldun asko mendietan artzain zebiltzan.
11.4 KERN COUNTY BASQUE CLUB
Hemen ere, egungo Bakersfieldeko lehen euskal hotela 1893koa bada ere, kluba ez zen 1944ra arte sortu. "Kern County Basque Club"en egungo egoitza 1974an erosi zen. Azpiegitura handi bat da eta eraikinak, ekitaldi aretoa, frontoia, barra, aire libreko zelaia eta aparkaleku handi bat biltzen ditu. Bostehun familia daude klubari atxikirik eta dantza talde gazte eta helduak eta klika garatzen ditu, besteak beste. Konderriak nazioko euskal jatetxe konzentraziorik handiena biltzen du, egun sei bat jatetxerekin, baina bederatzi ere izan ditu.
   <<  subjects  >>