<<   subjects  >>

09.- New Yorkeko euskaldunak


09.1 SAGAR HANDIA
New Yorkekoa da Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrena. XIX. mendearen amaieran hasia zen egituratzen Sagar Handiko euskal komunitatea. Hiriko lehenengo euskal ostatuak sorturik, 1905erako bost euskaldun batu ziren gero Euskal Etxea izango zenaren hazia ereiteko. Horien artean aipatzekoa da Valentin Aguirre, 1871ean jaio eta 1895ean New Yorken finkatua zegoen busturiarra. 26 urterekin ezagutu eta ezkondu zen Benita Orberekin eta handik gutxira ostatu bat ireki zuten Manhattaneko Cherry Street-en. Beste ostatu batzuk ere ireki ziren garai hartan New Yorkeko euskal bizimoduaren erdigune zen Cherry Street-en .

 

09.2 "EUZKO ETXEA"-REN SORRERA
1913an Aguirre eta beste hamabi euskaldunek kluba sortzeko ideiak gauzatu eta ofizialtzea erabaki zuten. Geroago New Yorkeko alkate maitatuenetakoa izango zen Fiorello Laguardia abokatu hasiberriaren laguntzari esker, paperak egin eta Estatu Batuetako lehenengo Euskal Etxea sortu zuten. Klubarekin batera, Aguirre bera erreferentzia bat zen Europatik edo Hego Ameriketatik New Yorkeko portura iristen ziren euskaldunentzat. Hotelero eta pertsona txeratsua, bere ostatuak enplegu bulego baten antza zuen. Iritsi berriak lana, lo egiteko konfiantzazko txoko bat eta benetako gosari euskal amerikarra aurki zitzakeen. Jende kopuruak gora egin zuenean, Aguirre Greenwich Villagera aldatu zen eta Jai-Alai jatetxea, Santa Lucia hotela eta bidaia agentzia zabaldu zituen.

09.3 ELKARRI LAGUNTZEKO ELKARTEA
Klubarekin batera, New Yorkeko euskaldunek elkarri laguntzeko aseguru elkarte euskaldun bat sortu zuten, gaixotasunekiko aseguru edo kutxa erkide antzeko bat, bazkideren bat gaixotu, hil edo lanerako ezindurik geratuz gero, familiak dirulaguntza jaso eta egoerari aurre egin ziezaion. Gizarte segurantza publikorik ez zegoen garaian hainbat familiei lagungarri suertatu zitzaien ekimena izan zen. Xede bereko erakundea sortu zuten Boise, Idaho-ko euskaldunek 1908an .

09.4 ARGITALPENAK ETA HISTORIA
1928an, klubak eraikin bat eskuratu zuen Cherry Streeteko 48. zenbakian. 1930eko hamarkadan dantzaldiak antolatzen ziren astero Cherry Streeten eta piknikak Brooklyn-eko Ulmer Park-en. Espainiako gerra zibilaren garaian, hainbat errefuxiatu iritsi zen New Yorkera eta Eusko Jaurlaritzak delegazio bat ireki zuen. Aguirre lehendakaria bera ere New Yorken finkatu zen eta Columbia Unibertsitatean irakatsi zuen . Euskal argitalpenen alorrean, New Yorken zenbait emaitza ezagutu zituen, hala nola "Aberri", PNV inguruko talde batek 1920ko hamarkadan argitaratutakoa, "Basques", Jaurlaritzaren laguntzaz 1943-44an ateratakoa eta "Argia", euskarazko kultur aldizkaria, hau ere 40ko hamarkadakoa . Klubaren gaur egungo eraikina, Brooklyngo Eckford Streeten dagoena, 1973an erosi zen. Lokal berria inauguratu zenean, bazkideek klubaren izena aldatzea erabaki zuten eta harrezkero "Euzko Etxea of New York " deritzo.

 

09.5 NEW YORK ONDOAN
New York hiriari erantsita New Jersey aldeko portu gunea dago, itsasgintzari lotutako hainbat euskal familiaren bizitoki izan dena. New Jersey estatuko Newark eta Dover bezalako herrietan badira euskal jatetxeak. Bayonne hiriak, Brooklyn pare-parean, Euskal Herriko Baionatik hartua du izena. Iparralderago, berriz ere New York estatura etorriz, Sagar Handiaren bizitegi-auzo den Bronxville herrian, Teresa Barrenechea bilbotarrak "Marichu" jatetxea inauguratu zuen 1991an; arrakasta handia izan zuenez, beste bat ireki zuen Manhattanen eta azken honekin segitzen du gaur egun. New Yorken beste euskal jatetxe batzuk egon dira eta horietako batzuk segitzen dute, hala nola, "La Côte Basque" klasikoa, "Pintxos" edo "Euzkadi" izenekoa, 2001 urte hondarrean zabaldua azken hau.
 
   <<  subjects  >>