 |
 |
 |
 |
 |
<< subjects
>> |
 |
 |
08.-
Florida eta Washington DC
08.1
BISCAYNE FLORIDA
Floridarainoko jauzia eginez, Karibe aldeko estatu honetan ere atxeman
dezakegu euskal oihartzuneko toponimo zahar eta berririk, hala nola
Key Biscayne, Biscayne Bay, Biscayne National Park, Biscayne Jai-Alai
edo Villa Vizcaya bera. Gogora dezagun XIX. mendera arte ohikoa
zela edozein euskalduni "Biscayne" (bizkaitar) deitzea,
nahiz eta bizkaitarra ez izan. Aro modernoan, txistera edo zesta-punta
pilota jokoa medio, harreman eta korronte berezia sortu da Floridaren
eta Euskal Herriko pilota munduaren artean. Florida eta ingelesez
jai-alai deitzen duten zesta-punta sarritan batera ageri izan diren
izenak dira.
|
 |
 |
|
08.2
FLORIDA JAI ALAI
St Louiseko 1904ko Nazioarteko Erakusketa izan zen zesta-puntaren
Estatu Batuetako publikoaren aurreko lehen ekitaldi ofiziala. Hala
ere, gero, partikularzki Floridan zabaldu da pilotaren modalitate
hori (Connecticut-eko Hartford, Bridgeport eta Milfordekin eta Rhode
Island-eko Newport-ekin batera). Zesta-punta gorenean zegoenean,
frontoiak ireki ziren Floridako Miami, Dania, West Palm Beach, Orlando,
Daytona, Fort Pierce, Ocala, Tampa, Quincy eta Melbournen. Miamikoa
da munduko kantxarik handiena.
|
 |
|
08.3
FLORIDAKO EUSKAL ETXEAK
1980ko hamarkadan Miamik eta Tampak bildu zituzten Floridako hiru
euskal klub egoitzadunak. Miamiko biek -Toki Ona Euskal Kultur Zentroak
eta Txoko Alai elkarteak- bat egin zuten 1997an, egungo Euskal Etxea
sortuz. Tampako Euskal Txokoko bazkidegoak, bertako kantxan ari
ziren pilotariek eta heien inguruko pilotari erretiratuek osatua,
mementu latzak bizi izan zituen pilotaren inguruko gorabeherekin,
eta berriki Tampako frontoia ixtearekin, baina aurrerabideari eutsi
dio Florida Karibealdeko euskaldunen biltoki legez.
|
 |
08.4
FLORIDA ETA KUBA
Floridako euskaldun batzuk (egun amerikar herritarrak direnak) Kuban
bizi izan ziren lehenengo, eta Fidel Castro iritsi zenean egin zuten
Floridarako jauzia. Halaxe egin zuen La Habanako "Centro Vasco"
jatetxe ospetsuaren jabe zen Juan Saizarbitoria mutrikuarraren familiak.
Beste euskaldun multzo batek bezalaxe, Saizarbitoria Miamira aldatu
zen eta bertako Little Habana auzoan arrazabaldu zuen 1960ko hamarkadan
Miamin ere ospea lortuko zuen Centro Vasco. Miamiko kubatarren gunean
kokatua, jatetxeak euskal dekorazio ukituak gorde zituen, XX. mende
amaieran sute batek kixkali zuen arte. |
 |
08.5
PILOTAREN GAINBEHERA
Miamik beste euskal jatetxe batzuk ere ezagutu ditu, tartean Tomas
Arrizabalagaren "Bizkaia". Azken bi hamarkadetan, IJAPAk
-International Jai-Alai Players Association- Estatu Batuetako kantxetan
deitutako greba luzatu egin zenez (1988-91) pilotari ugari itzuli
zen Euskal Herrira eta, oro har, txisteraren apaltze handiarekin,
nabarmen egin du behera Florida eta EEBBetako pilotaguneen euskaldunen
kopuruak. |
 |
08.6
WASHINGTON DC-KO "EUSKALERRIA"
Washington hiriburu federaleko euskal komunitatea ez da sekula arras
handia izan. Nahikoa, hala ere, 1981ean "Euskalerria" izena
hartu zuen euskal kluba sortzeko. Elkartea sortu aurretik, familia
batzuk Olentzero, San Inazio edo Aberri Eguna ospatzeko elgarretaratzen
ziren. Frankoren diktadura garaian, Pedro Beitia izana zen atzerriratutako
Eusko Jaurlaritzaren ordezkari eta euskal erreferentzia hiriburuan.
Kluba sortu zenean, kultur jarduerak prestatu ziren, filmak eman ("Tasio",
"Segoviako Ihesa"...), "Euskara Eguna" bezalako
ekitaldiak ospatzen hasi ziren eta urtean lau zenbaki ateratzen zituen
buletin bat ere argitaratzeari ekin zitzaion . |
 |
|
08.7
HIRI HANDIETAKO ARAZOAK
Azkar eta astirik gabe bizitzea ezaugarri duen Washingtonen, biltzeko
eta joan-etortzeko dauden arazoek, klubeko bazkide kopurua txikia
izanik -sekula ez ziren berrogeitamarretik gora izan--, funtzionamendu
arazoekin batera, klubarekiko engaiamendu maila apaltzea ekarri
zuten. Honela, 1988an Ardanza lehendakariaren bisitaldia ospatzeko
antolatu ziren harrera eta ongietorri ekitaldien ondoren, klubeko
zuzendariek jarduerak bertan behera uztea erabaki zuten.
|
 |
|
|
 |
 |
 |
|
|