 |
 |
 |
 |
 |
<< subjects
>> |
 |
 |
07.-
Ekialdeko euskal ondarea
07.1
EKIALDEA ETA MENDEBALDEA
Mendebaldean bizi dira euskal amerikarrik gehienak. Zenbaki absolutoetan,
Kaliforniak dauka euskal presentzia handiena, biztanle, klub, hotel,
jatetxe eta kultur adierazpenei erreparatuz. Termino erlatiboetan,
Idahorena da txapela: nahiz eta Idahokoa Kaliforniako euskal komunitatea
baino hiru aldiz txikiagoa izan, Idahok milioi bat biztanle baino
zertxobait gora dauka eta Kaliforniak, berriz, hogeita hamabost
milioi inguru. Ekialdeko kostaldean ere badago euskal komunitaterik
New Yorken, Washington DCn eta Floridan.
|
 |
 |
|
07.2
TERNUA
Ipar Ameriketako ekialdeko kostaldeko euskal komunitateez mintzatzean,
Ternua eta Labradorreko kokapen eta ezarpenez hitz egin beharra
dugu. Euskal arrantzaleak baleen arrastoaren atzetik iritsi ziren
Quebeceko kostaldera eta gaurko Kanadara. Historialariak ez datoz
bat noiz iritsi ziren esatean. Batzuek diote Colon Ameriketara heldu
baino lehen izan zitekeela. Douglass eta Bilbaok aipatu dutenez,
bada XVI eta XVII mendeetako literatur tradizio bat euskaldunak
Mundu Berriaren aurkitzailetzat jotzen dituena . Edonola ere, inguru
horretan ezagutzen diren euskal arrantza jarduerak aspaldikoak dira.
Horrela aditzera ematen dute Placentia Bay-n, Ternuan aurkituriko
XVI eta XVII mendeetako hilarriek.
|
 |
|
07.3
IXASOCO NABIGACIONECOA
Ternuako mendebaldea "Côte des Basques" moduan ezagutua
izan zen eta izan ere kostalde horretako toponimo ugari euskal jatorrikoak
dira. Donibane Lohizuneko Pierres Detcheverryk Ternua mendebaldeko
arrantza portuak deskribatu zituen 1677an, bere "Ixasoco Nabigacionecoa"n.
Liburua Martin de Hoyarsabal ziburutarrak 1578an frantsesez argitaratu
zuenaren euskal bertsioa da .
|
 |
|
07.4
ARRANTZA ETA SAINT PIERRE
Jada 1612an, Samuel de Chaplain-en Kanadako ekialdeko mapan ikus
dezakegu Port-Aux-Basques. Euskal kostalde osoko baleontzi eta bakailao-ontziek
-tartean Baiona, Donibane Lohizune, Ziburu, Hondarribia, Donostia,
Mutriku, Ondarroa, Lekeitio edo Eakoek- ongi ezagutzen zuten inguru
hura. Presentzia haren arrasto arkeologikorik gelditzen da. Saint-Pierre
eta Miquelonen, berriz, egun badago euskal biztanlerik eta euskal
jaiak ospatzen dira, eta ikurrina ikus daiteke bertako sinbolo eta
ikurretan. Miquelon eta Saint-Pierre irletako (Port-Aux-Basquesen
aurrean, Frantziaren menpe) biztanleen ehuneko hogeita hamarra euskal
jatorrikoa da. Saint-Pierren "Orok Bat" dantza taldea,
pilotazaleen kluba eta 1906an eraikitako frontoia ere badaude. Historikoki,
Europa eta Amerika bitarteko euren ibilaldian, euskaldunak Islandiara
ere iritsi ziren eta XVII. mendean gaur egunera iritsi zaizkigun
euskara-islandiera hiztegi bi idatzi zituzten.
|
 |
|
|
 |
 |
 |
|
|