<<   subjects  >>

06.- "Basque" edo Euskaldun izatea EEBBetan

06.1 IZATEAREN EBOLUZIOA
Mundu Zaharrean bezalaxe, Mundu Berrian ere gauzak aldatzen joan dira. Euskalduntasunak eboluzio autonomoa eraman du EEBBetan. Euskaldunek ingelesa izan zuten eragozpen mendebalde amerikarrera heldu zirenean. Asko artzain sartu ziren. Abiapuntu horrekin, makina batek egin zuen aurrera eta eurek edo euren hurrengo belaunaldiek egoera erosoago batetik ekin ahal izan diete biziak Estatu Batuak bezalako erresuma batean eskaintzen dituen aukerei. Beste batzuk, urteak eta gero Europara itzuli ziren, eta badira euren bizia lagunekin musean euskal ostatu baten babesean bukatu dutenak.

06.2 EUSKALDUNEN HIZKUNTZAK
Ipar Ameriketan jaiotako lehen belaunaldiko asko elebidunak izan dira: etxean ikasi dute euskara eta eskolan edo karrikan ingelesa. Espainolak eta, neurri apalagoan, frantsesak ere bere lekua izan dute euskal komunitateetan. Mendebaldeko politika mundua aipatzearren, euskara izan dute ama hizkuntza, esaterako, Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkariak, Pete Echeverria Nevadako senadoreak, Tony Yturri Oregoneko senadoreak edo John Marton Wyomingeko ordezkari-ganbarako presidente izanak.

06.3 EUSKAL BATASUNA
EEBBetako euskara edota euskalduntasunari eusteko emigranteek ekar zezaketen odol berria ahitua da: egun ez da emigrazio gehiagorik. Horren aitzinean, amerikar euskaldunek geroari begira erreakzionatu dute. 1970az geroztik, euskal kohesio eta batasun prozesua instituzionalizatu egin da eta galtzen joan dira Europako euskaldun askok Europatik ekarritako aburu edo errezeloetako asko; euskal amerikarrek, esaterako, berezkotzat jotzen dute "Zazpiak Bat" eslogana, zazpi probintzietako euskaldunen kultur batasun naturalaren sinboloa, eta ez diote horri ezinbestean irakurketa politikoa ematen. Izan ere, euren lan-esparrua eta kezka nagusiak hemen daude, Europako politika eskuarki urrun geratzen baitzaie. Batasunaren inguruan, argi eta garbi ikusi dute euskal komunitatea txikia dela zenbakiz, eta eta ez lukeela inolako zentzurik euren kultura eta balio etnikoei, guztiak bildu gabe segida ematen saiatzeak.

 

06.4 BALOREAK TRANSMITITZEN
Fenomenoa askoz hedatuagoa eman da XX. mendean, baina XXI.aren hasieran ere, gero eta gutxiago baina badira oraindik EEBBetan, euskara ama-hizkuntza daukaten gazte amerikarrak, etorkinen seme-alabak gehienak. Amerikar azenturik gabe mintzatzen dira euskaraz -moldea baxenabartarra, bizkaitarra edo lapurtarra- eta, bistan da, ingelesa ere erabat menperatzen dute. Belaunaldi berrietan, gero eta zailagoa da euskara transmititzea, euskaldunak talde irekia baitira eta ezkontzak ere, askotan talde etnikotik kanpo egiten baitira. Kontuan izanik hizkuntzen eboluzioa beste amerikar komunitate askoz indartsuagoetan, ondoriozta dezakegu euskarak, hainbat faktore aurka izan arren, nahikoa gogor eutsi diola Estatu Batuetan.

 

06.5 I'M BASQUE
Hondarreko urteotan, belaunaldi berriek azkarrago jasan dute "amerikartze" prozesua. Norberaren iraganari kaso egitea eta katea segitzea hautagai da. Hala nahi dutenek kultur elementuen bidez (agerikoenak dantzak eta zenbait ohitura) estutzen dituzte euskal katearekiko harremanok. Gazte zaletuenek Euskal Herrira joan eta euskara -edo espainola edo frantsesa- ikasi nahi izaten dute. Azken urte hauetan euskara eskolak ugaldu egin dira, Internet bidezko ikastaroak medio. Oro har, ordea, euskal amerikar izatea gehiago lotzen da hizkuntza ez diren beste faktore batzuekin. "Basque" izatea inguru berriari egokitu zaio eta autonomia hartuz bertakotu egin da, nahiz eta nolanahi ere, "nongoa zara?" galdetzean, guztiek segitzen duten erantzuten "I'm Basque", "euskalduna naiz".

 

   <<  subjects  >>