<<   subjects  >>

04.- EEBBetako euskal historiari lotutako jakingarri batzuk

04.1 EUSKAL GOBERNADOREAK
Estatu Batuak bi mende dituen erresuma gaztea dira. Mexikorekin duen Hego-Mendebaldeko muga 1853an finkatu zen. 1848ra arte, egungo Kalifornia, Arizona, Nevada eta beste zenbait eremu Mexikoren menpe zeuden. Gerla eta indar militarraren poderioz igaro zen "Alta California" izeneko lurralde zabal hura Estatu Batuena izatera, Guadalupe-Hidalgo Ituna medio, eta Estatu Batuen eskuetara pasatu zenean, bazeuden han euskaldunak. Izan ere, Kaliforniak zenbait euskal gobernadore izan zituen, hala nola Diego de Borica y Retegui gasteiztarra, "Alta California"ko lehen gobernadorea, Jose Joaquin Arrillaga aiatarra eta Pablo Vicente Sola arrasatearra, hirurak Kalifornia espainiar koroaren menpe egon zen garaian; Sola berriro izan zen gobernadore eta geroago, Ameriketan jaiotako Jose Maria Echeandia eta Manuel Micheltorena ere gobernadore izan ziren Mexikoren Administraziopean.

 

04.2 KALIFORNIAR EUSKALDUNAK
Lurraldea estatubaturatu aurretik beste euskaldun batzuk ere, marinelak, merkatariak eta elizgizonak, ibili ziren orduan ia jenderik biltzen ez zuen Kalifornian (jatorri europarreko biztanleak ez ziren milara iristen 1800. urtean). New Orleans-en amerikar paperak hartutako Jose Antonio Aguirre donostiarrak, Miguel de Pedrorena koinatuarekin eta beste hiru iparramerikarrekin, "egungo San Diego hiria proiektatu zuten eta eurak izan ziren lehenengo jabeak ". Cesareo Lataillade lapurtarra arrakasta handiko merkataria izan zen urre sukarraren garaian eta Santa Barbaran kokatu zen; Espainiako kontsulorde izan zen 1846an eta Frantziako kontsul 1848an. Jose Domingo Indart, berriz, Kalifornia, Acapulco eta Callao arteko bidea egiten zuen "Keoneana" untziaren jabe zen. Haren iloba, Ulpiano Indart, negozio gizon eta politikari garrantzitsua, Santa Barbara konderriko diruzain izan zen urte askotan, bertan 1902an hil zen arte .

 

04.3 KALIFORNIA ETORKINEZ POPULATZEN
Alta California mexikarreko lur zabalak Estatu Batuen eskuetara igaro eta bere mendietan urrea aurkitu zenean, jende-uholdea hasi zen mundu guztitik. Kaliforniak jatorri europarreko hamabost mila biztanle baino ez zituen 1848an. 1852an ia laurogei milara iritsi zen eta 1860an hirurehun eta laurogei mila zituen. Euskaldunen kopuruari gagozkiola, Douglass eta Bilbaoren ikerketek, 1845 eta 1851 bitartean ehunka euskaldun egon zitekeela Kalifornian ondorioztatzen dute. 1850eko eta hurrengo urteetako testigantzen arabera, euskaldunik bazebilen lanean garai horretan Kalifornia aldean eta 1852rako agerian gelditzen dira euskal ekintza kolektiboak meatzarien kanpamendu batzuetan .

04.4 EUSKAL AITZINDARIAK
Kalifornia iratzarri berrira iritsitako euskaldun guztiak ez ziren meatzari izan. Batzuek lehenengo ostatuak sortu eta hiri negozioak ireki zituzten. Kopuru handi batek artzaintzan jardun zuen eta beste batzuek, tartean Juan Indart, Bernardo Altube, Jean-Baptiste Arrambide, Antonio Harispuru, Bernardo Ypar edota Pedro Altubek, abeltzaintza enpresak sortu eta arrantxoak erosi zituzten zenbait konderritan.

 

04.5 MIGUEL LEONIS
Kaliforniako euskal historia aipatzerakoan, Miguel Leonis kanboarrari aparteko aipamena zor zaio, bertako historiari loturiko mito bihurtu baita. Egun, bere izena daraman Leonis Adobe Fundazioak haren arrantxoa zaharberritu eta bisitariei erakusten die, XIX. mendearen azken urteetan zegoen bezala. "The Basco" moduan ezaguna, garaiko iturriek honelaxe deskribatzen dute Leonis: "izaera apartekoa, zezena bezain indartsua eta arrotzak kanporatzera deliberatua" . Badirudi kanboarrak, zaldi gaineko talde armatu baten buru izanik, metodo bereziak erabili ohi zituela bere helburuak lortzeko eta Los Angelesko eta Santa Barbara arteko gune zabal bat kontrolatzen zuela. 1889an istripuz hil zenean garai hartako milioi erdi dolarreko legatua utzi zuen. Hainbat auziren ondoren gehiena abokatuen eskuetan geratu zen.

 

04.6 KALIFORNIATIK MENDEBALDE OSORA
Euskal izenak berehala gailendu ziren mendebaldeko ardi industrian, hain azkar, euskalduna ez zen aditu batek industriaren fundatzailetzat jo baitzituen 1858an . XIX. mendearen bigarren erdialdeko lehen urteetan euskal artzainek Cahuenga Valley-n (egungo Hollywood) lan egiten zuten. Besteentzat lan egin ondoren, batzuk jabe aberats izatera heldu ziren. 1860ko hamarkadarako euskaldunak finkaturik zeuden Kaliforniako zenbait tokietan eta mende hondarrean, eta XX.ean zehar, hedatzen hasi ziren besteak beste Nevada, Idaho, Oregon, Utah, Montana, Wyoming, Arizona eta New Mexikora.

 

   <<  subjects  >>