 |
 |
 |
 |
 |
<< subjects
>> |
 |
 |
02.-
Ostatuak eta Klubak
02.1
ETXEA ETXETIK KANPO
Ostatuen erreferentzia ezinbestekoa izan da Estatu Batuetara iritsi
ziren lehenengo euskal belaunaldientzat. Ipar Amerikako mendebaldeko
herri askok izan dute ostaturik. Anitzen biltoki eta bizitoki izan
ziren, "euskal lur puska bat leku arrotzaren erdian",
"oasi euskalduna ingelesa mintzo zuen unibertso baten baitan",
"etxea norberaren etxetik kanpo", zenbaiten esanetan.
Aldi berean, ostatunagusiak emigratu askoren bigarren aita edo amaren
pareko izan ziren: bankero, laguntzaile medikuarengana joateko,
aholkulari, eta oro har makulu, ingelesa mintzo zuen kanpoko munduarekin
harremantzeko. Belaunaldi emigrantearen beharrei erantzuteko ostatua
sortu zen bezala, amerikar jaiotako euskal belaunaldi berriek eta
emigrante bertakotuek Klubaren figura sortu zuten, testuinguru amerikarrean
euren jatorrizko kulturarekiko loturak atxikitzen laguntzeko.
|
 |
 |
|
02.2
LEHENENGO KLUBAK
Berrogei bat klub dago egun Estatu Batuetan. Zaharrena "Euzko
Etxea of New York", 1913an sortua, egun Brooklynen dagoena.
Mendebaldean, Stocktonen klub bat sortzeko ahaleginak egin ziren
1907an. 1914an "Basque Club of Utah" sortu zen Ogdenen
eta 1924an lehenengo "Zazpiak Bat Club", San Franciscon.
1944an Bakersfield inguruko euskaldunek "Kern County Basque
Club"a sortu zuten. Azken erroldako datuen arabera (2000),
nazioko berrogeita hamar estatuetan dago euskaldunik, nahiz eta
euskal klubik New York, Florida, Kalifornia, Nevada, Idaho, Oregon,
Utah, Washington eta Wyomingen baino ez dagoen. Bere burua "Basque"
definitzen duen hiritar kopuru txiki baina aipagarria badago halaber
Arizona, Colorado, Connecticut, Montana, New Jersey eta New Mexikon.
|
 |
|
03.-
Foruak eta EEBBetako Konstituzioa
03.1
JOHN ADAMS ETA EUSKAL HERRIA
Euskal Herriak eta Estatu Batuek historian zehar izan dituzten loturak
aipatzean, autore batzuek azpimarratu izan dute John Adamsek (Estatu
Batuetako bigarren presidentea izango zenak) Euskal Herriko euskaldunen
gobernu moldea eta haren eragina jaso eta goretsi zuela. Adams Bizkaira
hurreratu zen Europara eginiko bidaian eta, hunkiturik, euskaldunak
eredu moduan aurkeztu zituen 1786an, "A defense of the Constitution
of the United States" izenburupean hauxe idatzi zuenean:
"...Honelako
herri europar bat, esan nahi baita Bizkaia, Espainian, bere ahotsa
gobernuan entzunarazteko adinako buru-argitasuna, kemena eta zortea
duena, ezin daiteke inola ere baztertu. Auzokoek aspaldi utzi zituzten
beren eskakizunak errege eta elizgizonen esku. Herri zoragarri honek,
ostera, bere hizkuntza zaharra, izpiritua, legeak, gobernua eta
ohiturak beste edozein europar nazio baino luzaroago gorde ditu.
Jatorri zeltarreko biztanle hauek antzinako Boeticako lurrik onenetan
bizi izan ziren, baina askatasuna maite eta etsaiaren nagusitasuna
gorroto zutenez, inbasio eta konkistaren garaian erretiratu ziren
zaharrek Kantabria deitzen zituzten mendietara..." () "...errepublika
bat da; ez dute erregerik, eta tinko eutsi diote pribilegio horri;
bestalde, Jaun berriak, karguaz jabetzeko, herrira etorri behar
du zango bat agerian duela eta Jaurerriko pribilegioak defendatuko
dituela zin egin..."
Navascues
bezalako autoreen lanek edo urte askotan Idahoko estatu idazkari
izan den Pete Cenarrusa euskaldunaren ikerketek seinalatu egin dute
Bizkaiko Foruak eragina izan zuela Estatu Batuetako konstituzioko
zenbait puntutan. John Adams 1779an joan zen Europara, Kontinente
Zaharreko gobernu mota desberdinak aztertu, aldeztu eta horietatik
ikasteko, eta Bizkaiko legeak aztertu zituen. Lehen hamahiru estatuek
1787ko irailaren 17an onetsi zuten Estatu Batuetako Konstituzioa.
|


|
|
|
 |
 |
 |
|
|