<<   subjects  >>

00.- Sarrera gisa: Amerikar eta Euskaldun

00.1 ERROAK UKATU GABE
Emigrazioak eraikitako nazio edo erresuma dira Estatu Batuak, jatorri, arraza eta kultura desberdin eta anitzetako emigranteek eta heien ondokoek osatua. Nazio gaztea izanik, oraina eta geroa dauzkate estatubatuar hiritarrek lokarri. Estatubatuarra errotik estatubatuarra kontsideratu izanagatik, hiritar askok, aldi berean, ez diote uko egin eta integratu egin dute euren estatubatuartasunean jatorriko tradizio eta sentimentu kultural edo etniko familiarra.

 

00.2 KATEA EZ DA ETEN
Emigranteak beraien kultur ezaugarriekin heldu ziren EEBBetara. Kasu askotan, kultur elementu horiek Ameriketan jaiotako euren seme-alabei pasatu zizkieten, eta hauek euren amerikar izateko eran integratu dituzte. Beste askotan, hasieratik edo denboraren eraginez, belaunaldi edo norbanako berriek ez dute gorde euren arbasoak estatubaturatu/estatubatuartu aurreko kultura eta tradizioekiko loturarik, eta iraganarekin hautsiz ekin diote euren amerikar bizitzari.

00.3 ERROAK BERTAKOTU
Jakina da gizarte estatubatuarrak azkarki sentitzen eta sustatzen duela sentimendu eta harrotasun nazionala. Kultur tradizioetan ez dauka alabaina ondare propio eta bateraturik. Emigrazioaren emaitza izanik, ikasi behar izan du bere hiritarren iragan anitzak erresuma berriko errealitatera ekartzen eta uztargarri egin du amerikar sentimentu abertzale azkarra, hiritar bakoitzaren kultura edo talde etnikoekiko partaidetza sentimenduarekin. Honela sortu dira gidoidun amerikarrak: italo-amerikarrak, irlandar amerikarrak, germaniar-amerikarrak eta, dagokigun kasuan, euskal-amerikarrak. Hainbat hiritarrek, zinez estatubatuarrak sentituz, eutsi egin diete euren kultur erroei edota familia bidez EEBBetan segida izan duten euren jatorrizko balore eta molde xaharrei, horietatik abiatuz heldu baitziren euren egungo errealitatera, estatubatuar izatera.

 

00.4 SENTIMENDU UZTARTUAK
"Beste" sentimendua, ordea, sentimendu edo atxikimendu etnikoa, hautazkoa da. Familia askotan galdua da erroekiko jakitatea eta lotura. Kate bat izanik, beti norbanakoen esku gelditzen da berau hurrengo belaunaldiari pasatzea edo haiek mundu "globalizatu modernoko" gizon-emakume soil bilakaraztea. Gizarte mailan, etorkin berrien bulkada heldu ezean, normala da balio etnikoak ahultzea eta belaunaldi berriak gero eta "amerikar" soilago gelditzea.

00.5 EMENDATZEA ABERASTASUN
Euskal emigranteak medio, euskalduntasuna EEBBetako aberastasun etniko eta kulturaleko osagai da. Kopuruz, euskal amerikarrek ez dira emigrazio talde handiak bezain indartsu eta oihartzunekoak, baina euren tamainan prozesu bera segitu dute. Gaur egun esan dezakegu sentimendu eta osagai euskalamerikarra bizirik eta eboluzioan ari den fenomeno hazkorra dela EEBBetan. Gehienbat mendebaldean errotua, egitate euskal amerikarrak berrogeita hamar mila lagunetik gora inplikatzen ditu erresuma osoan, euskal sentimendu amankomun eta aldi berean anitza lokarri. Azken hiru hamarkadetan, emigrazioa etetearekin, euskal amerikarrek, daukaten errealitatetik abiatuz ari zaizkio begiratzen geroari. Euskalduntasunak ezaugarri propioak biltzen ditu EEBBetan, eta testuinguru jakin horretatik ari dira bizitzen, garatzen eta baieztatzen euren izate eta atxikimendu euskalduna.

 

   <<  subjects  >>